OLENTZERO ETA MARIDOMINGIREN IPUINA

PELLO AÑORGA

  • Zer kontatu nahi izan duzu Olentzero eta Maridomingiren ipuinaren bidez?

Maridomingi pertsonaia arras ezaguna bihurtu zaigu denbora gutxian. Hainbesteraino ezen herri gehientsuenetan agertzen den Olentzerorekin batera . Zoritxarrez, nahiz eta ezaguna egin, justifikatuko lukeen kontakizun baten premia sumatzen nuen. Olentzerori buruz badago makina bat ipuin. Alabaina, bikote modura ez dagoenez ia ezer, saiatu naiz hutsune hori betetzen, hots, saiatu naiz nire bertsioa eta interpretazioa ematen herrian txertatuta dagoen ospakizun bati. Iruditzen zait Maridomingiren inguruan dagoen zentzu eta esplikazio falta larria dela, lotura sinboliko indartsu baten zain balego bezala. Eta lotura sinbolikoa eraikitzeko (herri bezala) zer hobe kontakizun etiologikoa sortzea baino? Izan ere, ospakizunen eta errituek ez badute beren baitan funtsezko kontakizunik, hutsen pare dira, hots, objektu merkantil hutsak dira. Esan nahi da apaingarriak.

  • Ipuin ilustratuak Olentzero eta Maridomingik elkar ezagutu zuteneko istorioa kontatzen du. Ez da baina, kontakizun tradizionala.

Kontatzeko modua ohikoa da, tradizionala. Kontakizunaren hasiera, gainera, Olentzerori dagokionez, iturri zaharretan dago oinarritua. Maridomingiren kasuan, berriz, eraiki behar nuen dena. Gainera, Maridomingiri buruz ezagutzen nuena, jipoitua izan da alde guztietatik begiratuta: dela emakumearen ikuspegitik eta dela materialismotik. Alde horretatik begiratuta ere, saiatu naiz eduki mamitsuago bat ematen bikoteari, dotrina konfesional ezagunetatik kanpo.

Herri batzuetan ezagunagoa da Olentzero, beste batzuetan aldiz, Maridomingi. Biak maila berean azaltzen dira zure kontakizunean.

Ez da maila kontua, baizik funtsaren kontua. Herri mailan elkarrekin agertzen badira, fundamendu gehiagoz jakin beharko dugu hornitzen bikotea. Maridomingi agertzea dekorazio modura, Olentzeroren neskame, edo azken modaren eramaile, ez du zentzurik. Nahi badugu Maridomingi agertu, izan dadila duintasunez dakielako mugitzen, Olentzeroren morroi izan gabe, edo Olentzeroren emazte . . . Olentzeroen ikono “parekide” txolin eta mengel bihurtu gabe.

  • Nolakoa izan da Jokin Mitxelenarekin elkarlana?

  • Jokinekin ez dut izan inongo arazorik. Lagun zaharrak gara eta elkar ondotxo ezagutzen dugu. Gainera, elkarrengan konfiantza dugunez, gai gara edozer gauza elkarri erasateko. Egia esan, gauza asko izan dira elkarri adierazitakoak. Eztabaida bat edo beste ere izan dugu: dela jantziari buruz, dela kokapen geografikoari buruz . . . baina aparteko arazorik ez. Gure eztabaidak beti dira kreatiboak eta elkar ondo errespetatzen dugunez . . . Batek besteari eragiten dio, eta inork ez du edukitzen inoiz azken hitza. Beti elkarrengandik ikasten gabiltza, beti prozesuan.

  • Zer deskubrituko dute ipuina irakurtzen duten haurrek?

Deskubrituko dute, besteak beste: Olentzero nor den, eta baita nor den Maridomingi ere. Eta zergatik agertzen diren gure herrietan elkarrekin: zergatik oparitzen dituzten opariak; zergatik abesten dugun, abesten ditugun kantak; zergatik gabon zaharrean afaltzen den . . . Azken batean, deskubrituko dute kontakizun bat dagoela Maridomingiren eta Olentzeroren atzean , eta horregatik agertzen direla elkarrekin gure herrietan hutsik egin gabe, gabon zaharraren bueltan, urtero-urtero.