Pello Añorga: Elkar entzuteko espazioak sortzea interesatzen zait

Pello Añorga: Elkar entzuteko espazioak sortzea interesatzen zait

Pello Añorga Oiartzundarrak hogei bat urtetik hona dabil ipuinak kontatzen, han hemenka, Euskal Herrian batipat euskera baita bere tresna. Inoiz musikari edo marrazkilariren batekin lagunduta agertu ohi dela dio bere kurrikulumak baina horri ez dio garrantzi handirik ematen. Izan ere, berak dioen bezala, "zer da garrantzitsuagoa, jaialdi ospetsuetan parte hartzea edo hiltzear dagoen pertsona batentzat kontatzea?". Zuzeneko agerraldietaz gain, bere hitzak paperean isladatu ohi ditu. Hogei bat liburu argitaratu ditu, hala nola Ni ez naiz txerria eta Adio, adio.

 

Viriginia Imaz

 

Zer da zuretzat kontatzea?

Kontatzea da areago entzutea. Kontatzea da usaina aditzea. Kontatzea da amildegira lerratzea, sentitzen duzulako hazi batek lur hartu behar duela oraindik existitzen ez den lurrean. Kontatzea da isiltasuna esperimentatzea. Kontatzea da elkar berotzea. Kontatzea da eguneroko errautsetatik su haziak distira egitea. Kontatzea da areago ikustea. Kontatzea da ez kontatzea. Kontatzea da...

 

Zenbat denbora daramazu kontatzen profesionalki?

Profesionalki, profesionalki esaten dena, 20 bat urte. Oraintsu da 20 urte utzi nuela ikastola. (Orduan ere kontatzen nituen ipuinak, jakina, gelaz gela, ibilbide fantastikoak eratuz eta abar). Baina, nire ofiziozko lanpustua utzi eta ipuinetatik erabat bizitzen (fakturak egiten) hasi nintzenetik, pasa dira 20 urte. Esan dezaket, urte hauetan egin dudan guztia, hein handi batean, ipuinekin zer ikusia daukala. Artez edo moldez. Elkar entzuteko espazioak sortzen, ipuinak kontatzeko ikastaroak zabaltzen, imaginarioari lur duina topatzen...