Pello Añorga ipuin kontalari oiartzuarrarekin solasean

Iturburua: Hik hasi aldizkaria 18, 1997

 

Pello Añorga ipuin kontalari oiartzuarrarekin solasean hasi orduko ipuin munduan sartu gara. Ipuinetako jeinuen putzura hurbildu gaitu, eta urrezko haritik poliki-poliki tiraz, puskatu gabe, kontu desberdinak atera dizkigu.

Pello, ipuin kontalaritzan buru-belarri sartu aurretik irakasle lanetan ibili zinen. Zer dela eta utzi eta dedikatu zinen kontalaritzara?

 

Beno, badira 10-11 urte Oiartzungo Haurtzaro ikastola utzi nuela. Egia esan, han nenbilenean hasi nintzen ipuinak kontatzen. Ostiralero maleta zahar bat hartu eta gelaz gela pasatzen nintzen ipuinak kontatuz. Komunikazio handia lortu genuen.

 

Baina gela batean irakasle egonda, gauza asko egin behar izaten dira, eta nik ipuin arloa jorratu nahi nuen batez ere. Ipuinak harreman didaktiko bezala erabiltzen ziren, zerbait erakusteko. Edozein espresiobide zerbaiten funtzioan erabiltzen da. Ni horrekin pixkat aspertua nengoen eta zera pentsatu nuen: zergatik ez erabili ipuina besterik gabe, haurrak emozionatzeko?

 

Beste ikuspuntu baten bila abiatu zinen, beraz.

 

Bai, kontalari bezala ez naiz zerbait irakasteko helburuarekin joaten, nahiz eta kontatzean beti zerbait irakatsi. Gozatzera eta komunikatzera joaten naiz, batez ere. Azken finean, irakaskuntza eta kontalaritza uztartzen dituzu. Eta niretzat terapia handia izan da bi mundu horiek uztartzea. "MAGIster" eta "MAGIcien" hitzek gainera erro berbera dutenez, esan daiteke irakasle eta mago izaten saiatzen naizela aldi berean.