Biografia

 

 

biografia 

Oiartzun, 1956.

Irakasle lanetan aritu zen Oiartzungo Ikastolan (1976-86), hainbat espresiobide landuz: plastika, antzerkia, musika... Ikastola utzi (1986) eta ipuinak kontatzen hasiko da buru belarri, batzuetan bakarrik eta bestetan marrazkilariek edota musikalariek lagunduta, aitzindari izango dena, Hego Euskal Herrian behinik behin, bibliotekako "ipuin ordua"-rekin (1987-88).

Eskoriatzako Irakasle Eskolan (gaur egun: Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) Haur Liburu Mintegiaren sortzaileetako bat izan da, bide batez, parte hartu duelarik hainbat proiektutan, haur liburuaren animaziogintzari lotuta: lehen Haur Liburu Aretoak diseinatzen (Getxo, Durango, Amurrio, Legazpia...), Galtzagorri elkartea sortzen, Irakur Gidak plazaratzen, Kukuluma edo Kukumira aldizkariak argitaratzen, ipuin-ordua hedatzen, itsuentzako ipuin grabaketak koordinatzen, Arantzazuko Ama ospitalean Liburua, ipuina eta hitza deritzan topagunea garatzen... eta, batez ere, ipuin kontaketari buruz ikastaroak eskaintzen.

Idazle modura, haur literatura landu du: ipuina, batik bat, poesiaz ahaztu gabe; eta albuma. Sariak ere lortu ditu. Besteak beste: Etxepare saria 2007(Gerlari Handia); Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria 2008 (Jenio gaiztoa); JUUL saria 2009 (Pottokoren usainak), JUUL saria 2015 (Augustoren botila); Etxepare saria 2015 (Munstroek ere pixa egiten dute ohean); JUUL saria 2016 (Mux munstroa).

 

IBILBIDEA