Pello Añorga: Elkar entzuteko espazioak sortzea interesatzen zait PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Pello Añorga-k idatzia   
Asteazkena, 2008(e)ko Uztaila(r)en 30-(e)an 09:45etan

Iturburua: Artez Revista de las artes escenicas 113 Septiempbre 2006

 Pello Añorga: Elkar entzuteko

espazioak sortzea interesatzen zait

Pello Añorga Oiartzundarrak hogei bat urtetik hona dabil ipuinak kontatzen, han hemenka, Euskal Herrian batipat euskera baita bere tresna. Inoiz musikari edo marrazkilariren batekin lagunduta agertu ohi dela dio bere kurrikulumak baina horri ez dio garrantzi handirik ematen. Izan ere, berak dioen bezala, “zer da garrantzitsuagoa, jaialdi ospetsuetan parte hartzea edo hiltzear dagoen pertsona batentzat kontatzea?”. Zuzeneko agerraldietaz gain, bere hitzak paperean isladatu ohi ditu. Hogei bat liburu argitaratu ditu, hala nola Ni ez naiz txerria eta Adio, adio.

 

Viriginia Imaz

Zer da zuretzat kontatzea?
Kontatzea da areago entzutea. Kontatzea da usaina aditzea. Kontatzea da amildegira lerratzea, sentitzen duzulako hazi batek lur hartu behar duela oraindik existitzen ez den lurrean. Kontatzea da isiltasuna esperimentatzea. Kontatzea da elkar berotzea. Kontatzea da eguneroko errautsetatik su haziak distira egitea. Kontatzea da areago ikustea. Kontatzea da
ez kontatzea. Kontatzea da...

Zenbat denbora daramazu kontatzen profesionalki?
Profesionalki, profesionalki esaten dena, 20 bat urte. Oraintsu da 20 urte utzi nuela ikastola. (Orduan ere kontatzen nituen ipuinak, jakina, gelaz gela, ibilbide fantastikoak eratuz eta abar). Baina, nire ofiziozko lanpustua utzi eta ipuinetatik erabat bizitzen (fakturak egiten) hasi nintzenetik, pasa dira 20 urte. Esan dezaket, urte hauetan egin dudan guztia, hein handi batean, ipuinekin zer ikusia daukala. Artez edo moldez. Elkar entzuteko espazioak sortzen, ipuinak kontatzeko ikastaroak zabaltzen, imaginarioari lur duina topatzen…

Nola hasi zinen?
Begira, nik izugarrizko arazoak nituen (eta ditut) hitz egiteko; eta Andersen bezala, ez nintzen batere identifikatua sentitzen gizartearekin. Alabaina, egun batean, ipuinekin harremanetan jarri eta ondo sentitu nintzen. Gainera, inguruko haur guztiak jarraitu egiten ninduten, Hamelingo xirulariari jarraitzen zioten bezala. Ipuinek, nolabait, ispilu ona eman zidatela esan dezaket , hots, nortasuna, identitatea... Eta eman zidaten, batik bat, lurra. Lurra eta aingura. Eta ni, orduan, landare gisa ernatu, petaloak zabaldu, eta harremanetan hasi nintzen unibertsoarekin. Jaio egin nintzen berriro.

Ipuin kontalaria jaio edo egin egiten da?
Nire kasuan, behinik behin, egin egin nintzen. Baina ez ipuin kontalari izan nahi nuelako, baizik eta BEHAR nuelako. Ni beharrak egin ninduen kontalari.

Baina kontalaria formatu daiteke, ezta? Nola izan beharko luke formazio hori?
Beno, hor bideak daude, esan nahi dut norabide ez berdinak, joerak. Batzuek garrantzi handia ematen diote espazioari, besteek espresibitateari, eta abar. Ni, berriz, ez naiz inoiz obsesionatua sentitu gauza horiekin. Nik uste dut ofizio honetan, zenbat eta norbera gehiago ezagutu, orduan eta indar gehiago izango du hitzak. Izan ere, hitzak presentzia gehiago izango du; arnasa, begia, belarria, hanka, ezpaina, bihotza… Edozein hitz, bizitzarekin egongo da konektatuta.

Norentzat nahi izaten duzu kontatzea?
Ni adin guztientzat aritu izan naiz kontatzen. Oso gauza ezberdinak egin izan ditut. Esaterako, musikariekin aritu izan naiz, marrazkilariekin… Bideoa, irratia… probatu izan ditut, dena den, azken aldian, haurrentzat bakarrik ari naiz. Duintasuna galtzen ari garela iruditzen zait. Badirudi, haurrei kontatzea, huskeria dela. Ipuin kontaketa antolatzen duzu, eta ez dago elkar entzuteko espaziorik. Eta okerrenak gurasoak dira. Espazio ikusgarrietan mugitzen ohituta gaude, baina nik, espazioa hutsik nahi dut. Espazio isila. Isiltasunik gabe, ezin dut kontatu. Isiltasunik gabe, ezin dut entzun; eta ezin dut hitza ikusi. Ezin naiz zentratu. Horregatik gero eta gehiago, haurrentzako elkar entzuteko espazioak sortzea interesatzen zait. Hori da nire poetika eta estetika esango nuke. Espazio espirituala sortzea osoago, lotuago, askeago elkar entzun dezagun.

Eta zein hizkuntzatan?
Normalean euskaraz. Gaztelera lehorregia daukat, olioztatu gabea. Ez isuria, ez etorria... Mingaina lehortzen zait. Agian, denbora batez arituko banintz, kontatuko nuke gazteleraz; baina, ez daukat denborarik une honetan gaztelera gozatzeko. Prestatu egin beharko nuke.

Eta nola prestatzen zara ipuinak kontatzeko?
Lehendabizi hunkitzen nauen ipuin bat aurkitu behar dut. (Eta hunkitzea da barnetik ukitua sentitzea). Hori sumatzen dudanean, agian, kontatzea erabaki dezaket; agian, ez. Kontatzea erabakitzen badut, bada, ipuin horrekin amesten pasatzen ditut egun batzuk, ipuinarekin usaintzen, ipuinarekin arnas hartzen, paseatzen, bazkaltzen, kirola egiten, harik eta benetako lagun egin arte. Eta, bat batean, aurkeztu egiten duzu, kontatu konfiantzaz, maitasunez. Ez dago beste misteriorik. Gero, hori bai, kontaketaren poderioz, fintzen joango da ipuina, eta ur harria bezala, ibiliaren ibiliaz, ipuina borobiltzen joango da.

Nola kontatzen duzu?. Titereak, musika tresnak, objektuak… erabiltzen al dituzu?
Denetik erabili izan dut, baina, gauza bat esan behar dut, objektu bat erabili nahi baldin badugu, ipuinaren erritmoan sartzen jakin beharko genuke. Ipuina kontatzea, besteak beste, hitza hariltzea baita, esan nahi da, erritmo bati atxikitzea. Eta batzuetan gertatzen da, objektuek eta tresnek ez dutela ipuina hariltzen, ipuina eten egiten dute. Eta hori deskalabroa da.

Baduzu anekdotaren bat, Pello?
Behin, neska bat ospitalean mugitu ezinik zegoen. Hankak erabat paralizatuta zeuzkan. Bada, ipuina kontatzen ari nintzela hankak mugitzen hasi zitzaizkion. Erizaina etorri, eta harrituta gelditu zen. Zur eta lur. Nik badakit, neska hura, imaginarioa lagun, espazio libre batera eramatea lortu nuela, paralizatua zentitzen ez zen nonbaitera, onartua baizik.

Azken eguneratzea ( Asteazkena, 2008(e)ko Uztaila(r)en 30-(e)an 10:04etan )