| |
Iruñea. Haurrentzako album ilustratuak sortzeko 6.000 euroko Etxepare Beka Pello Añorga idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak jaso zuten atzo Gerlari handia lanari esker. Oiartzuarrak dira saridun biak (Mitxelena Alemanian bizi da) eta dagoeneako 20 urte inguru daramatzate elkarlanean. Etxepare Beka, bestalde, Nafarroako hainbat Udaletako Euskara Zerbitzuek antolatu zuten 2004ean. Aurten sariaz aparte Pamiela argitaletxeak plazaratuko du lan garailea euskaraz, eta Galiziako Faktoria K de libros argitaletxeak berriz, gaztelaniaz eta galegoz. Bigarren beka, halaber, abian da jada, aurtengo azaroaren 30ean bukatuko dela lanak aurkezteko epea. 2006. urtean saria espezializatzeko beharra ikusi zuten antolatzaileek, eta euskarazko literaturan ahul dagoen esparruaren aldeko apustua egin zuten, hain zuen, album ilustratuaren aldekoa. Imosko alkate Begoña Okiñenak adierazi zuenez, Etxepare bekak bi helburu nagusi ditu: "Batetik, euskaraz egindako album ilustratuen sormena eta produkzioa sustatu eta laguntzea, eta bestetik, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen den saria sortzea Nafarroan".
Euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketarik ez dagoela eta, ekimen "berritzaielatzat" jo zuen Okiñenak lehiaketa.
Horretaz gain, lanak argitaratuak izatearen garrantzia azpimarratu zuen alkateak, "album ilustratuak indarra hartzen doazen arren, eurkaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak direlako". Izan ere, albumak plazaratzearen "oztoporik nagusienetako" bat, produkzioaren garestitasuna da. Beraz, antolatzaileen aburuz, Etxepare Bekaren helburuak betetzeko "ez da nahikoa" saria ematearekin, lanak argitaratzan ere langundu behar baita. Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk ere horrelako lanen "kostu handiak" azpimarratu zituen.
"Eskala txikiko gure merkatuan zaila da horrelako lanak argitaratzea, eta horri ekiditeko eskala handitzeko beharra dago", zehaztu zuen. Hala, koste horiek txikitzeko 1.000 edo 1.500 ale argitaratu beharrean 5.000 edo 8.000 argitaratu behar direla defendatu zuen Elzaburuk eta horretarako, alegia, errentagarritasuna eta lehiakortasuna lortzeko, "aliatu ezin aproposagoa" bilatu dutela esan zuen, "aspaldiko laguna" gainera. |