|
PELLO AÑORGA (Oiartzun, 1956) Oiartzungo ikastolan irakasle nintzela, mundu imajinarioak partekatzen hasiko naiz haurrekin, ipuinen basoan sartuta, gelaz -gela, ibilbide fantastikoak sortuz (1980-1986). Pozik sentitzen naiz, zoratuta, zeharo joana haurren konpainiarekin, inoiz baino biziago, inoiz baino osoago, eta hala, 1986an, ikastola utzi, eta ipuinak kontatzearen abenturan hasiko naiz Euskal Herrian zehar, ipuinen maleta zaharra bezain berria lagun. Zeren “… poesiaren gailurra ukitzen duzunean, munduaren azken muga ezagutzera abiatuko zara maleta batekin ”( Atxaga, Etiopia). Jada, ipuinen belaontzian sartu eta bizitzaren ibaian abandonatzeari ekingo diot, konfiantza osoz, besterik gabe. Ez dago beste modurik nabigatzeko, baldin eta beldurraren lagun izan nahi baduzu. Bizitzaren ibaia da nire gidaria, haurrek haize ematen didate, eta hitzek su. Entzuten ikasi beharra dago, eta bihotzarekin ikusten, eta zarataren erdian isiltzen, eta munduko izaki guztiak “on hartzen”. Koadernoan idatzi dut: “ Kanpora atera naiz, eta kanpoan aurkitu dut neure barnea; barnean, berriz, neure kanpoa”. Eta honokoa ere: “Zenbat eta urrunago joan, orduan eta hurbilago sentitzen naiz izakiengandik”. Niretzat kontatzea ARTE bat izan da, esan nahi dut terapeutikoa, hots, medizinala, sendagarria Bihotzarekin ikusten ikasteko menbrua Bizitzaren magia sumatzeko bidea Erritu kolektiboak indartzeko gunea Hitzak biluzteko aterpe isila Munduko izaki guztiekin harremantzeko etxola Ipuinak desinstrumentalizatzeko eskola |